barnemuinetan

eramanak

2008-07-10 00:32:00

Idatzi dituzun hitzak
dituzun hitzak badakizu
hitzak badakizu haizeak
badakizu haizeak eramanak
haizeak eramanak dira
eramanak dira hegan
dira hegan ozeanoan
hegan ozeanoan galduta
ozeanoan galduta nahiz
eta
galduta nahiz
eta
postal batean idatzi
batean idatzi dituzun
idatzi dituzun hitzak

erantzunik gabe |   

aldeak

2008-07-04 09:47:56

Taberna erdi-hutsik zegoen eta gu ertz zorrotz eta ilun bateko indibiduoak besterik ez ginen momentu hartan. Ez dakit zenbat denbora izango zen azken alditik horra. Egungo bi kontu aipatu zenizkidan belarrira, ohiko irrifar zabalaren konpainiaz. Hortik haratagokoak aitzakiaren etiketapean zetozen.

Mozkortuta nabari zintudan, begien ñir-ñir agerikoak salatzen zuenez eta, beste behin, gauza konkretuei buruzkoak azaleratzeko gonbitari zurikeriaz mozorrotuta erantzun zenion.

Benetan pentsatzen nuena adierazteko unea iritsi zela erabaki nuen eta lapitza lodiz tabernako azuleju eta paretetan idatzi nituen denborak erakutsi zizkidanak. The rainbow has more than two colours and you seem to be stuck switching between black and white eta tankerako esaldiek borobildu zituzten tabernako ertzak.

Egunaren argia gertu zebilen eta ni konturatu aurretik aldeginda zeunden ordea, ametsen blausteko amaieretan gertatzen den bezala. Beste behin adiorik gabeko despedida izan zen, diferentea agian, aldi hartan zure aurpegiak islatutako egiak nirekin geratzea erabaki baitzuen.

4 erantzun |   

bukatu gabeko liburuetan

2008-06-30 23:45:30

Bukatu gabeko liburuetan begia jarri: beltza da zorionaren kolorea zekarren idatzita botilako mezuak eta gu, artean haurrak besterik ez ginela, irrifar oro eguzkiaren berotasunaren pare jartzea ere, liburua alboratzeko aitzakia.

Eta gauzei makur begiratzen hasi ginen, benetako esangura ezkutuan balute bezala; konparazioaren lehen elementuak beti gidatzen zuen kontrako norantzan: 1985 eta atzera. Talken koherentziek agur esan zuten, semaforoa berdetik gorrira anbarretik pasa gabe. Pausarik gabeko minean, gaueko ez(m)inean, botilako mezuko ipuinean inoiz idatzi gabeko hutsuneak.

erantzunik gabe |   

zulo

2008-05-29 13:14:10

Leihotik begira pasatzen dut egun osoa baina ez dut lortzen ezer ikustea. Leihoak inora ez daraman zuloa du.

4 erantzun |   

hari

2008-05-22 22:48:39

Momentu honi argazki bat atera behar nion baina zure hitzak aurreratu direnez ez daukat kamararen beharrik. Paperean idatzi, botilan sartu eta itsasoa handia denez, nire esperantzara doan hari mehea bertan topa dezakezula sinetsiko dut.

erantzun bat |   

begira

2008-05-01 20:45:30

Eta hau guztia hartu eta beste modu batez begiratuko bagenu? Botila buruz bera jarri eta barrukoa eroriko ez balitz?

6 erantzun |   

Nork daki ezer... ezerezak ere ez badaki nork?

CC by-sa lizentzia