barnemuinetan

begira

2008-05-01 20:45:30

Eta hau guztia hartu eta beste modu batez begiratuko bagenu? Botila buruz bera jarri eta barrukoa eroriko ez balitz?

6 erantzun |   

autarkia

2008-04-16 20:28:32

pentsamenduak izatea, ikuslerik gabeko jaiotza
urrutiko sirena hotsak taupaden erritmora
guztia sinetsita bizi:
ozeano barea ez da existitzen,
ez da engranajerik apurtzen.

5 milimetrora ikusitako egiaren a(g)urrean
heriotza
presentziala da.

sentimenduak birziklatzeko makinan
kedarren bazka da guztia,
ideien autarkiak
bere buruaz beste egin zuen eguna
ez da historiako liburuetan azaltzen.

erantzunik gabe |   

rotaflex

2008-04-10 14:13:11

Fakultatera bidean rotaflex erraldoi bat aurkitu dugu eta entxufatuta zegoenez, pixka bat jolastea erabaki dugu. Basakeria galanten bat okurritu aurretik, ongi babestu ditugu geure buruak eskularru eta belarrietako tapakiekin —80. hamarkadako aurikular diskretoen pareko horiekin, adibidez—.

Gero itzelezko artelanak suntsitu ditugu batere esfortzurik gabe. Hor joan dira hegan Knuth, Aho-Sethi-Ullman, Stallings eta parekoen lanak. Tintazko txorrotak zipriztindu gaitu baina gure amorrua baretu da.

Gauzak bere lekuan utzi eta egunerokoan jarraitu dugu. Noizean behin ongi baitator bidetik pixka bat aldentzea, okasioak eskatu ahala eta gogo-haizeari entzungor eginda.

2 erantzun |   

aukerak

2008-03-29 00:25:23

Ezina gailendu da makinen errepikapenean. Ekintza bera mila eta bat gauz lokartzera eramana izan da, ilargi-goseak hamaika izarretan banandu du. Zer dira ba pusketa horiek guztiak batera joango ez balira? Eta zure eskua hartu eta nirearekin bat egiteko aukerak balira?

3 erantzun |   

idatzi ezin diren urratsak

2008-03-08 12:08:30

Gaurko egunkariak atzetik zabaldu ditugu eta orriek makal egin dute bere bidea, ezohiko norantzan galduta, hasierara ailegatzeko batere asmorik gabe. Bart, inprentek gogorik gabe inprimatu dute familia baten samina, eguraldirik ospelena aurreikusi dute herriaren maparen gainean.

Leku jakin batera iritsita, planto egin eta bertan utzi ditugu ikusi nahi ez genituen orrialdeak; historiak ez zuen halakorik merezi tinta beltzean ez eta gorrian ere. Hortik aurrerakoa idazteko gai izango garen dudatan jarriz, aterkia hartu eta kalera irten gara. Erabakia hartu dugu: idatzi ezin diren urratsak kalean emango ditugu.

erantzunik gabe |   

tea eskuan

2008-03-06 20:25:55

Tea eskuan, saihestu ezinean pentsamenduak zugana alde egiten zidan, errazagoa zen arren egunerokotasunari lotutako zeinahi txikikeria oroitzea, baina hain zen erraza nire zure pentsamendura urruntzea —egia absolutua hura, ez baikenuen ezer konpartitzen eta dena nire baitara murrizten baitzen—: liburu bat leitzean, disko zaharrak ordenatzean, amaitu gabeko bazkariaren ontziak garbitzean, hamar eguneko bizarra egitean. Gertatu gabeko momentuak errepasatzen nituen bata bestearen segidan, zirkoan lehenengo eguna duen trapezistak mugimenduen puzzlearekin egingo lukeen bezala, eta baldar jokatu eta kale egiteko beldur erreal bezain lausoa ikusten nuen nigan edo margotutako nire mozorro hartan, lagun batek esana baitzidan nigandik ihes egiteko modu arduragabea zela, pentsatu beharraren beharraz, dena zaindu beharraren beharraz, begiak ixtea bezala zela eta nire baitatik alde egiten nuela eta, nirekin batera, denbora ere bazihoala, eskutik helduta agian, hura baitzen finean-finean aurkaririk memelo baina eraginkorrena. Detaileetan jausten nintzen halaber, abesti baten letra luzatzeko saiakera baldarretan bezala, Oliveira Salazar cabronaçao entzun nuen behin eta ezin burutik kendu hura elipsiraino hedatzeko gogo alferra; dena den, hori baino gutxiago zen guztia, saiakera itxurarik ere ez baitzuen urrunetik, museoetan koadroak ikusteko ezarrita zegoen distantzian kokatzea nahikoa zen apika, baina nik nirean jarraitzen nuen tematuta, saiakera zela sinetsita, benetan gertatzen ari zen ustean, segundoz segundo ametsak betetzetik urrunago, segundoz segundo ametsetan lokartzetik gertuago.

erantzunik gabe |   

Egun batean izan ezin daitekeena, agian beste batean ere ezin, hurrengoan ere ez... baina gutxien espero dudanean, argiak esnatuko nau.

CC by-sa lizentzia